Asier Vega
Bilduko bozeramailea
“Ekonomia soziala eta kooperatiboa bultzatuko dugu”
EAEko egoera ekonomikoa kezkagarria izaten ari da; horren haritik, zein izango da Bilduren ekonomia politika orokorra?
Argi dago eredu ekonomiko neoliberal honek porrot egin duela; beraz, krisialditik aterako gaituen beste eredu ekonomiko bat proposatzen dugu. Eredu sozialagoa eta solidarioagoa. Aberastasunaren benetako banaketan, ekonomiaren bilakaera iraunkorrean, zerbitzu publikoen garapenean eta enpleguaren kantitatea eta kalitatea zabaltzeko lehentasunetan oinarritua.
Langabeziaren inguruko gaia da biztanleria gehien larritzen duena; zeintzuk izango dira Bilduren neurriak edo proposamenak egoera hau hobetzeko?
Egungo krisialdiak, bereziki emakumeei, gazteei eta etorkinei kalte egiten dien krisiak, agerian utzi du egitura ekonomiko honek sortzen duen langabezia estrukturala, azken urteetako espekulazio ekonomikoak eta prekarietateak eragindakoa. Horrexegatik, beste neurri batzuen artean, ekonomia soziala eta kooperatiboa bultzatuko dugu, kooperatibak sortzea sustatuko dugu; azpikontratazioekin amaituko dugu, zerbitzu publikoen pribatizazioarekin amaituz joango gara, eta enplegu-aukera berriak ustiatuko ditugu: menpekotasuna, energia berriztagarriak, tokiko garapena, lan soziala edo ingurumenaren iraunkortasuna. Era bereran, Bildutik lan harremanen euskal esparrua aldarrikatzen dugu, gure baliabide ekonomikoak kudeatu ahal izateko.
Bestalde, erakundeek gauzatutako azpiegitura batzuen kontra azaldu zarete (AHT, Pasaiako Portua…); bertan behera utziko zenituzkete obra horiek?
Gure ustez, gaur egun Euskal Herrian nagusi den lurralde antolaketak ez die erantzuten herritarren behar eta interesei. Gainera, azpiegitura hauek ez dira ekonomikoki bideragarriak eta ekologikoki kalte larriak eragingo dituzte. Horri guztiari azpiegitura hauek herritarren eztabaidarik gabe inposatu nahi dituztela gehitzen badiogu, ondorioa argi dago: Bilduk ez ditu mota honetako azpiegiturak babestuko, are gutxiago beharrezkoak diren hainbat zerbitzu publikotan murrizketak egiten ari direnean.
Beste azpiegitura edo proiektu batzuk aurkeztuko dituzue Euskadiko udaletan? Zein izango litzateke horien artean esanguratsuena?
Hiriburuetakoak hartuta, Gasteizko Olagibel ardatza edota Bilboko Abandoko trenbidea lurperatzeko plana ditut buruan. Bilduk sustatzen dituen proiektu moten eredugarriak dira gainera, hirietako erdiguneak herritar guztien aisialdiaren zerbitzura jartzea, eta ez enpresa handien bulegoen kokaleku gisa, eta auzo batzuen bazterketa saihesteko helburua dituztenak.